Hasiera » Zehaztu gabe » Hiru lagun kontratatu dituzte Zumaian, Getarian, Zarautzen, Orion eta Aian Euskaraldia dinamizatzeko

Hiru lagun kontratatu dituzte Zumaian, Getarian, Zarautzen, Orion eta Aian Euskaraldia dinamizatzeko

Euskaltzaleen Topagunearen eta Urola Kostako Udal Elkartearen arteko hitzarmenaren bidez egin dituzte kontratazioak, eskualdean Euskaraldiaren 3. edizioa sustatzeko. UEMAko lau udal daude tartean: Zarauzkoa, Getariakoa, Zumaiakoa eta Oriokoa. Getarian egindako agerraldian eman dute hitzarmenaren berri kontratatutako langileek eta erakunde horietako ordezkariek.

Haritz Alberdi, Eder Iturralde, Miriam Garcia, Kike Amonarriz, Peru Tolosa eta Lourdes Salsamendi, Getarian, pasa den ostiralean.

Euskararen normalizazio bidean urrats bat gehiago emateko asmoz, Urola Kostan Euskaraldiaren 3. edizioa dinamizatzeko hiru lagun kontratatu dituzte UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak. Lankidetza hitzarmena sinatu dute bi elkarteek, eta Getarian egindako agerraldian eman dute kontratazioen berri. Han izan dira Getariako alkate Haritz Alberdi, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Lourdes Salsamendi, Topaguneko lehendakari Kike Amonarriz, kontratutako gazteekin batera.

UEMAko lau udal daude hitzarmena sustatu dutenen artean: Zarauzkoa, Getariakoa, Zumaiakoa eta Oriokoa. Eder Iturralde arituko da Zarautzen, Miriam Garcia Orion eta Aian, eta Peru Tolosa Zumaian eta Getarian. Euskaltzaleen Topagunearen eta UKUEren arteko lankidetza hitzarmenaren bidez egin dituzte kontratazioak. Modu horretan, eskualdeko koordinazioa areagotu asmo dute, Lourdes Salsamendik azaldu duenez: “Herrien arteko sinergiak aprobetxatzeko bideak eraikiko ditugu eta dauzkagun baliabideak optimizatuko ditugu”. Horretarako, “herri batzordeekin elkarlan estuan” arituko direla erantsi du.

Kale erabilera datuak eta ohitura berriak

UEMAk martxoa erdialdean jakinarazitako kale erabilera datuak izan ditu hizpide Haritz Alberdi Getariako alkateak. Herrian kale erabilera ehuneko zortzi jaistea “kezkaz” hartu du Alberdik, baina aipatu du Euskaraldia “aukera polita” dela egoera iraultzeko: “Nahiko genuke Euskaraldiak balio izatea euskararen aldeko hizkuntza ohiturak indartzeko eta euskaraz hitz egiten hasteko ohitura berriak sustatzeko”.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da Euskaraldiaren 3. edizioa. “Aurten, bereziki, Euskaraldiaren eraginkortasunean sakontzera goaz eta hizkuntza ohiturak goitik behera astintzera”, azaldu du Amonarrizek. Izan ere, aurreko bi edizioetan agerian geratu da “Euskaraldia tresna baliagarria” dela, erabileran eragitea eta euskara agenda sozialean sartzea lortu zuelako. “Aurtengoa hitzaren eta ekintzaren urtea izatea nahi dugu”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:

Topaguneak eta Urola Kostako Udal Elkarteak euskararen normalizazioa sustatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute (urolakosta.eus, 2022-04-01)

Aurkeztu dituzte aurtengo Euskaraldiko kostako herrietako dinamizatzaileak (urolakosta.hitza.eus, 2022-04-01)

3. Euskaraldira begira, Kostarako hiru dinamizatzaile aurkeztu dituzte (baleike.eus, 2022-04-01)

Euskararen normalizazioa sustatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute (diariovasco.com, 2022-04-02)

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.