Orioko Udalak, 2013an, abian jarritako euskaraz bizi bizi egitasmoaren helburua da Orioko herritarren kontzientzia linguistikoan eragitea, herritarrak euskaraz bizitzea aukeratu eta euskarak erabilera esparru berrietara zabaltzeko. Orain, Aita, ama… kontu bat du zuei esateko egitasmoa abiatuko du Udalak. Egitasmoaren helburua da gurasoen hizkuntza ohituretan eragitea.
Jon Agirresarobe euskara zinegotziak adierazi duenez, “gazteen hizkuntza Orion euskara da, eta hori, albiste pozgarria da”. Faktore askok eragin dute horretan Agirresaroberen ustez, “udala euskalduntzeko programak, hezkuntza sistema euskaldundu izanak eta euskararen ezagutza zabaltzeak”. Azken datuek erakutsi dute euskararen erabilera gaztetxoen artean asko indartu dela azken bi hamarkadetan. 1989an, Orioko gazteen %30ak egiten zuen euskaraz kalean, 2013an, aldiz, %88, 5ek.
Udala, ordea, kezkatuta dago gurasoek erdaraz hitz egiteko duten joerak gaztetxoengan izan dezakeen eragina dela eta. Agirresaroberen esanetan, “Gurasoak haurren erreferenteak dira, eta helduek oso natural jarduten dute euskaraz nahiz gaztelaniaz. Gurasoak parkean edo etxean gaztelaniaz aritzen badira, haurrek ohitura horiek ikasiko dituzte konturatu gabe”. Eta horregatik, gurasoen hizkuntza ohiturak aldatu nahi ditu Orioko udalak Aita, ama… kontu bat dut zuei esateko programaren bidez.
Orioko Udaleko Euskara batzordeak galdetegi bat prestatu du herriko bi ikastetxeen laguntzarekin. Galdetegia LH4, LH5 eta LH6ko haur eta gurasoei banatuko zaie. Agirresarobek azaldu duenez, “aurrena ikasleek ikasgelan galdetegia beteko dute beren gurasoen hizkuntza erabilerari buruz. Gero inkestaren bigarren zatia etxera eramango dute, gurasoek betetzeko. Hala, gogoeta piztu nahi dugu gurasoen artean”.
Udalak galdetegietatik lortutako datuak erabiliko ditu. Alde batetik, gaia gizarteratzeko, eta bestetik, parkeetan egingo duten ekintza eta jarduera programa zehazteko. Izan ere, parkeetan hainbat ekintza egin asmo ditu udalak, eta hizkuntza ohitura eredugarrien gida bat ere argitaratuko nahi dute.
Orioko udaleko arduradunak jakitun dira Orioko kasuaren antzeko egoerak daudela beste hainbat herritan. Gabiria eta Irurako datuak Oriokoen antzekoak dira, adibidez. Eta horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen erabileraren inguruan landutako programak eta aipatu herrietan erabilitako programak hartu dituzte eredutzat Aita, ama… kontu bat dut zuei esateko programa sortzerakoan.