Oiartzungo Udalak, Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak eta UEMAk antolatuta, 50 lagun baino gehiago elkartuko da bihar goizean Oiartzunen, euskararen arnasguneei buruzko tailer berezian. Martxoan egindakoaren segida izango da, eta euskararen bilakaera beherantz doala ohartuta, herritarrak horren inguruan kontzientziatzea eta ahalduntzea da asmoa, egoera iraultzeko eragile aktiboak izan daitezen.
Honako bideoa prestatu dute oiartzuarrek biharko tailerraren garrantzia nabarmentzeko.
Biharko tailerra, Haurtzaro Ikastolako jantokian izango da, 10:30etik 13:00etara, eta UEMAko teknikariek gidatuko dute.
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, “datuek erakusten dutenez, geroz eta herri erdaldunagoa da Oiartzun. Gaiaren inguruan hausnartu eta sentsibilizatu nahi ditu herritarrarek tailer honek: egoera aztertu eta aurrera begira jarri, euskararen arnasgune diren herriek hala izaten jarraitu dezaten”. Beraz, gaiarekiko interesa duten herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte tailer honetara, “baita Oiartzunen euskararekin arazorik ez dagoela pentsatzen duten horiek” ere. Izan ere, “Oiartzun herri euskalduna izatea nahi badugu, denon ahalegina beharko da”.
MARTXOAN ANTOLATUTAKOAREN HARIARI TIRAKA
Martxoan egin zuten Oiartzunen arnasguneei buruzko lehenengo tailerra herritarrekin. Egun haietan, UEMAk prestatutako erakusketa ere izan zuten ikusgai oiartzuarrek udaletxean, eta ikasleek ere bisita gidatuak izan zituzten UEMAko teknikarien eskutik.
Oiartzungo Udalak zabaldu duenez, parte hartu zuten zenbait herritarrek, Udala Informatzen aldizkarian horrelako hausnarketak konpartitu zituzten:
· Josu Delgado: “Euskara bazterretik erdigunera eramaten ez badugu, jai daukagu”.
· Izko Lekuona: “Nire lehenengo sorpresa izan zen galdetu zutenean Oiartzunen ea arnasgunea zen edo ez, datuek esaten dutela ezetz”.
· Aintzane Lertxundi: “Azkeneko 25 urtetan herrian aldaketa handiak eman dira: bizimoduan, gizartean… eta hizkuntzan eragina daukat”.
· Arrosa Lizaso: “Astebetez hausnarketa ttiki bat egiteko eskatuko nioke jendeari: zer izan nahi duen; nola bizi nahi duen Oiartzunen; eta euskaraz bizi nahi badu, hala bizi ote den”.
· Aitzol Mendiburu: “Orduan eta jende gehiago saiatzen da euskara ikasten, baina erabileran pott egiten dugu”.
· Pepi Mujika: “Duela 26 urte ezagutu nuen OIartzunek eta orain ikusten dudanak ez dute ezertxo ere ikusteko, eta horrek min ematen dit”.
· Aingeru Palomo: “Tailerrak balio izan dit zerbait egin behar dugula jakiteko”.
· Yurima Sagastuy: “Jendea Oiartzunera etorri da euskaraz bizi den herria delako, hala ere, erabilera jaitsi da. Arrazoiak ez dira argiak, baina zerbait egiteko gogoa badago”.






