Hainbat herritarrek parte hartu zuten urriaren 8an, Goizuetan, egindako arnasguneei buruzko lehen tailerrean. Herritar soilak, kultur elkarteko kideak eta euskara teknikariak elkarrekin hausnartu zuten gaiaren inguruan. Euskaraz bizitzeko dituzten oztopoak eta horren zergatiak aztertzen aritu ziren. Urriaren 23an egingo den bigarren saioan, lehentasunezko eremuak adostu eta oztopo horiek nola gainditu aztertuko da. Ondorioak ateratzea da asmoa.
UEMAk Kontseiluarekin, Topagunearekin, EMUNekin, Bertsozale Elkartearekin eta EHErekin elkarlanean, arnasguneen gaia sakontzeko tailerrak prestatu ditu. Gune euskaldunen garrantziaz eta euskararen iraupen eta sustapenean duten paperaz herritarrak kontzientziatzeko tailerrak dira. Eta arnasguneek euskararen biziraupenean eta normalizazioa lortzeko duten garrantziaz jabetuta eta horiek zaintzeko zein hedatzeko herritar taldeak aktibatzea da lortu nahi dena.






