UEMAren lehendakaritzan egin duen lau urteko agintaldiaren balorazioa egin du Josu Labakak, kargua Iraitz Lazkanoren eskuetan utzi orduko Uztarria aldizkariari eskainitako elkarrizketan. Hemen elkarrizketa, bere horretan.

Iturria: uztarria.eus
Josu Labaka: “Etorkizunean, herri bezala, munduaren aurrean euskaldun agertuko al garen dago jokoan”
Josu Labaka Azpeitiko Udaleko zinegotzia izan da Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria azken lau urteetan, eta gaur pasatu dio lekukoa lehendakari berriari, Elgetako alkate Iraitz Lazkanori. Egindako bidearekin gustura dago Labaka, baita euskalgintzak eta instituzioek elkarlanean bide berri bat urratu dutelako ere. Arnasaguneen garrantziaz ohartarazi du, beste behin
Lau urte egin dituzu UEMAko lehendakari karguan. Zer balorazio egiten duzu?
Positiboa,
dudarik gabe. UEMAk hainbat helburu estrategiko ditu, eta horietako
bakoitza lortzeko lan handia egin da urte hauetan. Batetik, udalerri
euskaldunen lurgunea zabaltzen eta UEMA erakunde gisa sendotzen doa.
Agintaldi hasieran 73 udal ziren UEMAko kide, eta gaur egun 86 dira.
Herritarren kontzientziazioan eta gure ustez ezinbestekoak diren gai
batzuen inguruan teorizazio lan handia egin da, aurrera begirako ildo
zehatzak erakutsita.
Lau urteotan zertan asmatu duzuela esango zenuke?
UEMAk
beti aldarrikatu eta egin izan du euskararen aldeko hizkuntza politika
ausarta. Azken urteotan, hizkuntza politika hori adostasunez bideratzeko
lan handia egin da. Alderdien arteko elkarlanetik hasi, eta erakunde
publikoen, herritarren eta euskalgintzaren arteko zubiez ari naiz,
zehazki. Duela urte batzuk pentsaezinak ziren aliantzak eta
konplizitateak sortu dira, eta horrek urrats sendoak batera egiteko
bidea zabaldu du. Herritarren kontzientziazioan eragitea, gazteak
kontzientziatzeko hezkuntza proiektu sendoa martxan izatea, eragin
linguistikoaren ebaluazioak lege izaera hartu izana edota udalerri
euskaldunen prebentziotik garapenerako egin den hausnarketa guztia
giltzarriak dira. Hori guztia, ohiko ildoak alde batera utzi gabe eta
udalak zein udalerriak euskalduntzeko ditugun dozenaka zerbitzuez ahaztu
gabe, noski.
Zer gelditu zaizue egiteke edo egiteko?
Euskaldunon
eta herritarron borondateak legearen babesa ere behar du. Asko egin
dezake herritarrak, baina etsigarria da gero legeak ez badu bermatzen
euskaraz aritzea. Egunotan ikusi dugu zer gertatu den Nafarroan.
Euskaraz aritzeko borondate eta konpromiso sendoa izan arren, edota
erakunde publikoetatik horren aldeko erabakiak hartuta ere, erabaki
politikoek lege izaerarik ez badute, bigarren mailako herritarrak izango
gara beti euskaldunak. Erabaki ausartagoak hartzea eta herritarren
aurrean eredu izatea dagokigu erakunde publikoei, eta horretan oraindik
egiteko asko daukagula uste dut.
Arnasguneekin lan egiten duen erakundea da UEMA. Zergatik du zentzua fokua bereziki herri horietan jartzeak?
Munduko
edozein hizkuntzaren biziberritzean giltzarria den kontzeptua da
arnasguneena. Hizkuntza batek, iraungo badu, modu naturalean hitz egiten
eta transmititzen den gune sendoak behar ditu. Bizirik irauteko arnasa
hartzea ezinbestekoa da. Logika hutsa du. Ekologian hain oinarrizkoa den
kontzeptua, ordea, arrotzagoa egiten zaigu hizkuntzara ekartzen
dugunean. Baina euskararen arnasguneak horixe dira: herri honen bihotza.
Herri honen hizkuntza taupadaka aritzea ahalbidetzen duten guneak.
Arnasa garela esaten dugu, eta arnasa zabaltzen dugula gune
erdaldunagoetara. Beraz, ezinbestekoa da arnasguneak berariaz zaintzea,
babestea eta garatzea. UEMAk bere sorreratik lan handia egin du
arnasguneen kontzeptua zabaltzen eta arnasguneentzat babesa eskatzen.
Orain, bat egin dute beste hainbat erakunde publikok eta eragilek, eta
guretzat garrantzitsua da babes hori, egindako lanaren aitortza ere
badelako hein handi batean.
Kargua hartu zenuenean esan zenuen kolore desberdinetako politikaek helburu berarekin jardungo zenutela lanean. Lortu al duzue?
Dudarik gabe, baietz esango nuke. Gainera, ez da UEMAri soilik dagokion kontua. Hizkuntza politikan jarrera aldaketa nabaritu da hainbat arlotan, eta horrek erraztu egin ditu lehen aipatzen nituen aliantzak eta konplizitateak. UEMArekiko mesfidati agertu izan diren hainbatek, mesfidantza gainditu eta UEMAren aldeko jarrera erakutsi dute, eta elkarrekin ari gara bidea egiten gaur egun. Zuzendaritza batzordearen ahalegin berezia izan da lau urteotan adostasun osoz hartzea hartu beharreko erabaki guztiak, ezer bozkatu gabe. Alderdi ezberdinetako ordezkariak elkarrekin aritu gara lanean, eta giro onean gainera.
Euskalgintzak eta instituzioek elkarlanerako hainbat pauso eman dituzte azken urteotan. Zerbaiten seinale al da hori?
Bai,
noski. Aipatu ditudan jarrera aldaketena batetik, baina baita euskarak
eta euskalgintzak bizi duten bidegurutzeari elkarrekin eta sendo
erantzuteko beharrarena ere. Denok onartu dugu belaunaldi berriak
euskaldundu dituela hezkuntza sistemak, baina gero, inguruan ditugun
erdaren eraginpean, gazteen artean erabilerak kezkatzeko zantzu asko
erakusten dituela ere bai. Etorkizunean, herri bezala, munduaren aurrean
euskaldun agertuko al garen dago jokoan. Kezka horren aurrean eta
bidegurutze horren aurrean, barkaezina litzateke urrats sendoak
elkarrekin ez ematea edo adostasunez ez ematea. Elkarlana benetan
eraginkorra da, benetakoa baldin bada.
Arnasa Gara
kanpaina jarri du martxan UEMAk, Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako
Gobernuarekin, Iparraldeko euskara erakundearekin, aldundiekin nahiz
udalekin elkarlanean. Dirudienez, erakunde guztiek egin dute bere
arnasguneen garrantzia zenbaterainokoa den. Hala al da?
Bai, horrela da. Lehen aipatu dudan bezala, UEMAk sortu zenetik
nabarmendu du arnasguneen garrantzia, eta arnasguneak berariaz babesteko
beharra aldarrikatu du behin eta berriro. Horregatik, guretzat
garrantzitsua da orain beste erakunde publikoek bere egitea UEMAren
diskurtsoa, eta arnasguneen garrantzia azpimarratzea. Urte askoan aritu
gara arnasguneak zergatik propio zaindu behar diren esaten, eta orain
eman du fruitua egindako lanak.
Kargua hartu zenuenean
zortzi ziren UEMAko kide ziren udalerriak; orain, berriz, bederatzi.
Dena den, zerrendan falta dira Aia eta Azkoitia…
Urola
Kostako herri guztiek betetzen dituzten UEMAko kide izateko irizpideak.
Falta direnak UEMAra gehitzeko ere izan da gonbidapenik, baina oraingoz
ez dute urratsik egin. Eskualde osoa arnasgune garrantzitsua izanda,
UEMAk ateak zabalik ditu, noski, eta arnasguneen defentsan elkarrekin
aritzeko borondatea eta konpromisoa duenak, urte askoan egindako
bidearen esperientzia izango du lagun UEMAn. Bi herri horiek gehituta,
udal guztiak UEMAn dituen Euskal Herriko lehenengo eskualdea izango
litzateke Urola Kosta. Ederra litzateke, egia esan.
Iraitz Lazkano Elgetako alkateak hartu du zuk utzitako lehendakari kargua. Zer esango zenioke?
Erronka
eta ardura ederra duela esku artean. Berak ere badaki, eta ilusioz
hartu du kargu berria. Sendo dagoen erakunde baten gidaritza hartu du,
baina oraindik falta dira urrats kualitatiboak, beste salto bat emateko.
Beraz, horretarako konpromisoa eta erabaki ausartak hartu beharko dira,
eta hori errazagoa izango da elkarrekin eta adostasunean eginez gero.
Beraz, onena opa diot kargu berrian, UEMA sendotzeko emandako pauso
bakoitza euskaldunon eta herri honen hoberako izango baita.